Gure proiektua
Zertarako balio du web honek?
Webgune honek tresna bisual eta intuitiboa izan nahi du, pertsonek erraz eta modu ulergarrian kontsultatu ahal izan ditzaten euskal erakunde publiko nagusien aurrekontu publikoak, zer irakurtzen eta ikusten ari garen argi eta garbi ulertzea ahalbidetzen duten hizkuntza eta grafiko errazak erabiliz.
Webgune honetan, aurrekontu publikoak zer diren, nondik datozen eta erakunde publikoek erabiltzen duten dirua nora doan hobeto ulertzen lagunduko dizuten hainbat tresna aurkituko dituzu. Gainera, toki bakar batean aurkituko dituzu hainbat erakunderen aurrekontuak, eta, horri esker, euskal erakunde publiko nagusien aurrekontuak batera kontsultatu eta ulertu ahal izango dituzu.
Tresna hau libreki erabili dezakezu eta ez duzu ezer instalatu beharrik; zure intuizioa baino ez duzu jarraitu behar.
Zergatik egin dugu proiektu hau?
Administrazio publiko baten aurrekontuak baliabide publikoak planifikatu eta kudeatzeko oinarrizko tresna osatzen dute eta hauen bitartez erakundeak diru publikoarekin zer egiteko asmoa duen eta zer konpromiso hartzen duen aurkezteko aukera dauka, eta, urtearen amaieran, zer egin duen eta zer ez. Beraz, oso tresna garrantzitsua da administrazioentzat plangintzarako eta kudeaketarako (funtzionatzeko aukera ematen baitie), baina baita herritarrentzat ere (kontrolatzeko eta parte hartzeko aukera ematen baitie).
Baina herritarren kritika ohikoenetako bat izan ohi da oso zaila dela aurrekontu publiko horiek zer diren eta nola kudeatzen diren ulertzea, batzuetan ezagutza faltagatik eta beste batzuetan, eskaintzen den informazioa konplexua delako eta hitz oso teknikoak dituelako. Hori dela eta, aurrekontuak ulertzea zaila egiten zaie pertsona gehienei.
Beharrezkoa da, beraz, aurrekontu publikoak gardentasunez erakusteko tresna bat sortzea, hizkera eta bistaratze erraz bat erabiliz, herritarrek horiek ulertu eta interpretatu ahal izateko eta, beraz, euskal erakunde publikoek egiten duten kudeaketa publikoa behar bezala baloratu ahal izateko, eta, gainera, pertsonak erantzunkide izatea eta politika publikoetan aktiboki parte hartzea lortzeko.
Zer da OGP EUSKADI?
Gobernu Irekirako Aliantza (OGP) nazioarteko erreferentziazko erakundea da, eta gobernuek beren herritarrei zerbitzu emateko modua aldatuko duten proiektuak eta tresnak aurrera eraman ditzaten sustatzea du helburu, bai eta herritarrenganako irekiagoak, arduratsuagoak eta sentikorragoak izan daitezen ere.
Euskadiko erakunde publiko nagusiek konpromiso hori gure egin dugu, eta, horregatik, 2018an, sarearekin bat egin genuen, OGP Euskadi sortuz eta proiektu komunak bultzatuz, elkarrekin lan eginez, gure lurraldearen erronka konplexuei erantzuteko.
Harrezkero, hainbat eremutan lan egin dugu eta lan egiten jarraitzen dugu hainbat proiektu amankomunen bidez, hala nola kontuak ematea, herritarren ahalduntzea, etika publikoa, datu irekiak, herritarren parte-hartzea, inklusioa, krisiari erantzutea edo gardentasuna. Eta baterako lan horren baitan sortu da aurkezten dizuegun proiektu hau.